XI RIKARDO ARREGI KAZETARITZA SARIA
1999urtea
Oinarriak
Euskararen normalizazioak ezinbestez behar ditu euskaraz egindako kazetaritza eta komunikazio prestu eta modernoa, kalitatekoa eta garaian garaiko beharrizanetara egokitua. Helburu horren alde, Andoaingo Udalak XI. Rikardo Arregi Kazetaritza sarirako deialdia egiten du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntzaz, ondoko hauek direlarik aipatu sari horren oinarriak:
Oinarriak ikusi
Oinarriak deskargatu
XXIX Rikardo Arregi Kazetaritza Saria
XI Rikardo Arregi Kazetaritza Saria
1) Sariaren xedea
Euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza
bultzatzea da Rikardo Arregi Kazetaritza sariaren helburua. Horrela,
bada, ondoren zehazten den urtebeteko epearen barruan egin izan diren
kazetaritza-lanen kalitatea eta bikaintasuna jendaurrean aitortzea eta
saritzea da sari honen xedea, epaimahaiak eredugarrien iritzitako lanak
sarituz.
2) Sari-atalak
Saria erabakitzeko irizpide nagusiak honako hauek izango dira: kalitatea, berrikuntza eta eredugarritasuna, eredugarritasuna hala euskal kazetaritzarako nola inguruan egiten denerako.
3) Sari-atalen ezaugarriak
1.- "Xl Rikardo Arregi Kazetaritza saria" izeneko atala. 1998ko maiatzaren 16tik 1999ko maiatzaren 15era bitartean egunkari eta aldizkarietan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu izan diren lanek, hala nola aipatu epe eta komunikabide horietan kazetaritza-lanak plazaratu dituztenek daukate saria eskuratzeko aukera.
Edozein mota edo jenerotako kazetaritza-lanek dute saria eskuratzeko aukera. Epaimahaiak, hortaz, inolako jenero-mugarik gabe erabakiko du saria.
Saria erabakitzeko irizpide nagusiak honako hauek izango dira: kalitatea, berrikuntza eta eredugarri tasuna, eredugarritasuna hala euskal kazetaritzarako nola inguruan egiten denerako.
Ondorioz, aipatutako irizpideen arabera nabarrnendutako artikulu edo erreportaje bakanak nahiz sortak, sekzio bat, irrati edo telebistako erreportaje bat edo erreportaje-sorta bat edo programa bat, kazetari bat, kazetari talde bat... horietarik edozer eta/edo edozein saritu ahal izango du epaimahaiak.
2.- "Kazetari Berria saria" izeneko atala. Kazetaritzaren hastapenetan dabiltzanei zuzendutako saria da hau, eta, ondorioz, hogeitabost urtez azpikoek, hau da, 1999ko m~iatzaren 15ean, artean, hogeitabost urte edo gutxiago izango dituztenek partehar dezakete atal honetan. Herrietako aldizkari eta irrati eta telebistak, hala nola hedadura zabalagoko komunikabideak: horietatik guzietatik edozein izan daiteke 25 urtez azpikoek Kazetari Berria saria jasotzeko Jana plazaratzeko erabilitako komunikabidea.
Edozein mota edo jenerotako kazetaritza-lanek dute saria eskuratzeko aukera. Horrela, bada, 1998ko maiatzaren 16tik 1999ko maiatzaren 15era bitartean prentsa idatzian edo irrati eta telebistetan plazaratutako artikulu, erreportaje, informazio-programa, magazin etabarren artean kalitatea eta egokitasuna kontuan hartuz epaimahaiaren iritzian bikainena denari emango zaio saria.
4) Lanak aurkeztea
Aditzera ematen da, nolanahi ere, saria eskuratzeko ez dela ezinbestekoa izango inork aldez aurretik lanak eta/edo proposamenak aurkeztea. Izan ere, epaimahaiak egokien irizten duen moduan egingo ditu sari hori erabakitzeko egin beharreko jarraipen eta hautaketa lanak. Hala eta guztiz ere, lanak eta/edo proposamenak aurkez ditzaten dei egiten zaie autore, komunikabide eta sariaren helburuekin zerikustekorik dutenei.
5) Sariak
6) Epaimahaia
7) Sariei buruzko Azken Erabakia
2000ko udan emango da aditzera sariei buruz epaimahaiak hartutako Azken Erabakia, apelaezina izango dena.
8) Baldintzak onartzea
Sari honetara aurkezteak oinarriak ontzat ematea dakar berarema saria
jasotzeko nahitaezkoa izango da oinarri o tan finkatutako betebeharrak
osorik betetzea.
Goizean Behin Saioa

Sari nagusia
Saridunak: ETBko Goizean Behin saioa.
Saria: Diploma eta 1.000.000 pezetako diru saria.
Ainhoa Oiartzabal

Kazetari berria saria
Saridunak: Ainhoa Oiartzabal.
Saritutako lana: Euskaldunon Egunkariko erreportajeak.
Saria: Diploma eta 400.000 pezetako diru saria.
Epaimahaia

Epaimahaiburua
Jose Antonio Barandiaran Ezama
(Andoain, 1953)
Gaztetandik ibilbide luzea izan zuen gazte mugimenduetan (JOC eta bestelakoetan) eta 20 urte zituela EHAS erakundean (gerora HASI izango zena) sartu zen, 1990. urtera arte. Bi agintaldietan Herri Batasunaren zinegotzi eta bozeramaile izan zen (1983-87 eta 1987-91) eta 1999-2003 bitartekoan alkate izendatua izan zen udal hauteskundeak irabazi ostean Ezker Abertzalearen hautagai gisa. Ogibidez, enpresa kudeatzaile izan zen urteetan, elikagaien eta hestebetekien alorrekoa, erretiroa hartu zuen arte.

Mahaikidea
Miren Azkarate Villar
(Donostia, 1955)
Filosofia eta Letretan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean eta Euskal Filologian doktoratu Euskal Herriko Unibertsitatean, gaur egun bertako Euskal Filologiako katedraduna da. 1992. urteaz gero euskaltzain oso da eta lan ugari argitaraturikoa euskal filologiaren alorrean. Gainera, oso ezaguna da bere jardun politikoa, bitan Kultura sailburu izan baita Eusko Jaurlaritzan (2001-2009), baita bozeramaile (2004-2009), eta 2011z gero euskara eta kultur arloko zinegotzi da Donostiako Udalean.

Mahaikidea
Koldo Ordozgoiti Juanena
(Errenteria, 1959)
Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan lizentziatu zen Informazio Zientzietan. 1982az geroztik kazetari lanetan aritu da Herri Irratian eta Euskal Telebistan, besteak beste, eta hainbat gune politikotan edo enpresarialetan komunikazio arduraduna izan da. 1996an hasi eta 2009ko maiatza arte Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko komunikazio zuzendari izan da, eta 2004az gero, Jaurlaritzako bozeramailearen laguntzaile lanetan aritu da. Gaur egun, komunikazio aholkulari independentea da.

Mahaikidea
Allande Boutin Mandagaran
(Vernon, Normandia, 1958)
Zuzenbide publikoan lizentziaduna zientzi politiko estudioak egin ondoren. Parisen hazi eta hezia, Le Point eta Le Monde berri paperetan lehen urratsak eginda, Pariseko TVE-n ere lanean aritua, 1988-ko azaroan, Baionako ETB-ko korrespontsalia ideki aitzin. 1992-ko azaroaz geroztik Iparraldeko France 3 Euskal Herri telebista publikoan kazetaria eta Akitaniako Txirrita euskarazko emankizunaren arduradun eta aurkezlea.

Mahaikidea
Iñaki Zabaleta Urkiola
(Leitza, 1952)
Euskal idazlea, kazetaria eta EHUko irakaslea da. Kazetaritzan doktorea da New Yorkeko Unibertsitatean. 1972-1982 bitartean Iruñeko Arturo Campion euskaltegian irakasle eta zuzendari izan zen, baita Egin egunkarian kazetari ere hainbat urtez. Egun irakasle da Euskal Herriko Unibertsitatean. Bestalde, komunikazioaren eta irrati-telebistaren inguruan egindako lanen artean, aipagarriak dira: Komunikazioaren ikerkuntzarako metodologia (1997), El factor humano en radio y televisión (1994) eta Ikus-entzunezko informazioaren teknologia (2003), besteak beste.

Mahaikidea
Anjel Lertxundi Esnal
(Orio, 1948)
Idazle, gidoilari eta literatura kritikaria, eskarmentu handia du euskal kazetaritzan 60ko hamarkadaz gero, eta azken urteetan oso ezaguna egin da Berrian egunero idatzi duen zutabea. Euskal idazle oparo eta irakurrienetakoa, telebista eta zinea ere ukitu ditu, eleberri, narrazio eta saiogintzan hamaika aldiz sarituriko egilea izateaz gain. Otto Pette (1994) eleberria izan liteke bere obrarik garrantzitsuena. Sari ugari jasotakoa, Rikardo Arregi Kazetaritza Saria ere jaso zuen 1995. urtean, Baloraziozko kazetaritza atalean.

Epaimahaiaren idazkaria
Patxi Baztarrika Galparsoro
(Ataun, 1958)
Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua, Andoaingo euskara teknikari da 1980. urteaz gero. Gipuzkoako diputatu nagusiaren kabineteburu izan zen 1999-2003an eta Eusko Jaurlaritzan Hizkuntza Politikako sailburuorde 2005-2009 agintaldian eta 2012-2016 bitartekoan. Besteak beste, Babeli gorazarre izenburuko saiakera argitaratu zuen 2010ean. Bidegileak bildumarako Rikardo Arregiren biografia idatzi zuen.