XXVII RIKARDO ARREGI KAZETARITZA SARIA

2015urtea

Oinarriak

Euskararen normalizazioak ezinbestez behar ditu euskaraz egindako kazetaritza eta komunikazio prestu eta modernoa, kalitatekoa eta garaian garaiko beharrizanetara egokitua. Helburu horren alde, Andoaingo Udalak XXVII. Rikardo Arregi Kazetaritza sarirako deialdia egiten du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntzaz, ondoko hauek direlarik aipatu sari horren oinarriak:

Oinarriak ikusi

Oinarriak deskargatu

XXIX Rikardo Arregi Kazetaritza Saria

XXVII Rikardo Arregi Kazetaritza Saria

Euskararen normalizazioak ezinbestez behar ditu euskaraz egindako kazetaritza eta komunikazio prestu eta modernoa, kalitatekoa eta garaian garaiko beharrizanetara egokitua. Helburu horren alde, Andoaingo Udalak XXVII. Rikardo Arregi Kazetaritza sarirako deialdia egiten du, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren dirulaguntzaz, ondoko hauek direlarik aipatu sari horren oinarriak:

1) Sariaren xedea

Euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea da Rikardo Arregi Kazetaritza sariaren helburua. Horrela, bada, ondoren zehazten den urtebeteko epearen barruan egin izan diren kazetaritza-lanen kalitatea eta bikaintasuna jendaurrean aitortzea eta saritzea da sari honen xedea, epaimahaiak eredugarrien iritzitako lanak sarituz.

2) Sari-atalak

Ondoko bi atalotan banatzen da saria:

• XXVII Rikardo Arregi Kazetaritza saria.
• Kazetari Berria saria.

Aipaturiko bi sari horiez gain, egoki edo beharrezko iritziz gero, Epaimahaiaren Sari Berezia egiteko aukera eskura du epaimahaiak.

3) Sari-atalen ezaugarriak

1.- XXVII. Rikardo Arregi Kazetaritza saria izeneko atala.

2014ko maiatzaren 7tik 2015eko maiatzaren 6ra bitartean egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu izan diren lanek daukate saria eskuratzeko aukera.

Edozein mota edo generotako kazetaritza-lanek dute saria eskuratzeko aukera. Epaimahaiak, hortaz, inolako genero-mugarik gabe erabakiko du saria.

Saria erabakitzeko irizpide nagusiak honako hauek izango dira: kalitatea, berrikuntza eta eredugarritasuna, eredugarritasuna hala euskal kazetaritzarako nola inguruan egiten denerako.

Ondorioz, aipatutako irizpideen arabera nabarmendutako artikulu edo erreportaje bakanak nahiz sortak, sekzio bat, irrati edo telebistako erreportaje bat edo erreportaje-sorta bat edo programa bat... horietarik edozer saritu ahal izango du epaimahaiak.

Proiektu komunikatibo osoak ez dira atal honetan sarituko, baina epaimahaiak aukera izango du Sari Berezirako kontuan hartzeko.

2.- Kazetari Berria saria izeneko atala.

Kazetaritzaren hastapenetan dabiltzanei zuzendutako saria da hau, eta, ondorioz, hogeita zazpi urtez azpikoek, hau da, 2015ean, hogeita zazpi urte edo gutxiago izango dituztenek parte har dezakete atal honetan.

Herrietako aldizkari eta irrati eta telebistak, hala nola hedadura zabalagoko komunikabideak: horietatik guztietatik edozein izan daiteke 27 urtez azpikoek Kazetari Berria saria jasotzeko lana plazaratzeko erabilitako komunikabidea.

Edozein mota edo generotako kazetaritza-lanek dute saria eskuratzeko aukera. Horrela, bada, 2014ko maiatzaren 7tik 2015eko maiatzaren 6ra bitartean prentsa idatzian edo irrati eta telebistetan plazaratutako artikulu, erreportaje, informazio-programa, magazin eta abarren artean kalitatea eta egokitasuna kontuan hartuz epaimahaiaren iritzian bikainena denari emango zaio saria.

4) Lanak aurkeztea

1.- XXVII. Rikardo Arregi Kazetaritza saria izeneko atalean derrigorrez aurkeztu beharko dira lanak, nahiz eta epaimahaiak lan horien artean behar adinako kalitatezkorik topatzen ez badu, beti izango du aukera proposamenak egiteko. Aurkezteko, autoreek nahiz komunikabideek hala nola sariaren helburuekin zerikusirik duen edozeinek aurkez ditzake lanak, beti ere 2015eko maiatzaren 12 baino lehen aurrerago adierazten den helbidera lanaren bost kopia bidaliz. Denboran luzez irauten duten lanen kasuan, gehienez 6ko lagin bat egin beharko dute, eta horien kopiak bidali.

2.- Kazetari Berria saria izeneko atalean saria eskuratzeko ere nahitaezkoa da lanak aurkeztea. Izan ere, atal honetako saria aurkeztutakoen artean erabakiko baitu epaimahaiak. Kasu honetan ere autoreek nahiz komunikabideek hala nola sariaren helburuekin zerikusirik duen edozeinek aurkez ditzake lanak, 2015eko maiatzaren 12a baino lehen gero aipatzen den helbidera lanaren bost kopia bidaliz, eta interneten eskuragarri baldin badago, horren lotura adieraziz.

3.-Aurkeztutako lan guztiak argitaratu edota emititu izan direla egiaztatzeko, prentsa idatzian argitaratutako idazlanen kasuan, argitalpenaren kopia bat bidali beharko da, eta, irrati edo telebistako emanaldien kasuan, berriz, dagokion enpresak luzatutako emisio-ziurtagiria. Edozein modutara ere, nahikoa litzateke aipatutako argitalpenaren kopia edo emisio-ziurtagiriaren ordez lana aurkezten duenaren beraren zinpeko aitorpena igortzea, argitalpen edo emisio eguna eta komunikabidea adieraziz, edota interneten eskuragarri dagoen lotura jakinaraztea. Beste
horrenbeste esan liteke agerkari digitalez ere.

4.- Hona sarira aurkeztutako lanak bidaltzeko helbidea:

Andoaingo Udala
XXVII. Rikardo Arregi Kazetaritza Saria
Goikoplaza, z/g
20140 ANDOAIN

5.- Aurkeztutako lanak, edozein euskarritan aurkeztuta ere, ezingo dira berreskuratu.

5) Sariak

XXVII. Rikardo Arregi Kazetaritza saria eskuratzen duenari g.ooo euro garbi emango zaizkio.

Kazetari Berria saria eskuratzen duenari 3.000 euro garbi emango zaizkio.

Gainera, lehen bi sari-ataletako saridunei Rikardo Arregi Kazetaritza sariaren Xabier Laka eskultoreak egindako eskultura emango zaie, Epaimahaiaren Sari Berezia balego, Xabier Lakaren serigrafia eskuratuko dute. Era berean, agiri-diplomak jasoko dituzte saridun guztiek.

Sariak zatiezinak dira, baina, hori bai, taldean edo elkar-lanean egindako lanei ere eman dakieke saria.

Sarietako edozein hutsik utzi ahal izango du Epaimahaiak.

6) Epaimahaia

Ondorengo hauek osatzen dute epaimahaia:

• Mahaiburua: Andoaingo Udaleko Euskararen Normalizaziorako zinegotzia, Estibalitz Mujika Tolaretxipi, edo honek bere ordezko gisa izendatutako udalkidea.

• Mahaikideak: Allande Boutin, Idurre Eskisabel, Goio Arana eta Marijo Deogracias.

• Idazkaria:
Andoaingo Udaleko euskara teknikaria, hizpidez baina hautespiderik gabe jardungo duena.

7) Sariei buruzko Azken Erabakia

2015eko ekainaren 27an emango da aditzera sariei buruz epaimahaiak hartutako Azken Erabakia, apelaezina izango dena, Andoaingo Bastero Kulturgunean ospatuko den ekitaldi berezian.

8) Baldintzak onartzea

Sari honetara aurkezteak oinarriak ontzat ematea dakar berarekin, eta saria jasotzeko nahitaezkoa izango da oinarriotan finkatutako betebeharrak osorik betetzea.

Sariak

Epaimahaiaren Sari Berezia

Mikel Ibargoien (Urnieta, 1989)

+

Epaimahaiaren Sari Berezia

Iñigo Astiz (IRUÑEA, 1985)

+

Kazetari berria saria

Samara Velte (Zarautz, 1991)

+

Julen Iriondo Martinez de Zuazo (Oñati, 1979)

Sari nagusia

Sariduna: Julen Iriondo Martinez de Zuazo.
Saritutako lana: 2015ko maiatzaren 5ean, GOIENAn ipinitako Jon Salaberri izeneko ikus-entzunezkoa.
Saria: 9.000 euro, diploma eta Xabier Laka eskultorearen oroitikurra.

EHU-UPVn kazetaritza ikasketak egin, ETBn eta GARA hedabideetan jardun ostean, 2001etik Goiena Komunikazio Tal
dean dihardu lanean. Kazetari, aurkezle, albistegiko arduradun, teknika alorreko lanak egin ditu hedabide horretan, eta azken urteotan kazetari multimedia, telebistarako ez ezik, prentsa idatzirako zein Goiena.euserako lan egin du. Telebistan gidatu dituen saioak, besteak beste, Harmailatik–kirol saioa–, eta Ekogune –ekologiari buruzkoa–,Kutxa Ekogunearekin elkarlanean.

Ia ahaztuta genuen egoera gogorra, belaunaldi oso baten bizipen izan zena, gogora ekarri digu berriz ere Julenek bere ikus-ent
zunezkoaren bidez. Ahanzturatik atera eta balioan jarri du 80 eta 90eko hamarkadetan HIESA pairatzen zuten gaixoen egoera ezagutarazteko eta hobetzeko Jon Salaberri arrasatearrak egindako lana. Hala, Joxe Arantzabalek argitaratutako artikulua eta ikerketa baliatuz, primeran egokitu du informazio hori guztia ikus-entzunezkoen formatura. Aipatzekoak dira bai artxiboen erabilpena bai elkarrizketak emateko editaia landu eta zaindua.

Jon Salaberriren irudi heroikotik ihes egin eta bere konplexutasuna erakutsi digu, bere argi-ilunak, familiarteko harremanak, lagunekin bizitakoak, gaixotuta bestearekiko erakutsi arreta eta enpatia zein auzolana bultzatzeko gaitasuna, osasun arloko profesionalen ikuspegia, politikoen adierazpenak...

Azpimarratzekoa, era berean, kazetari saridunak erakutsi duen erregistro handia, horren adibide, sari honetara aurkeztu duen oso bestelako lana, Pedalka izeneko ikus-entzunezkoa: Gipuzkoan gaindi bost etapatan bizikletaz egin bidaia, txirrindularien gorabeherak adieraziz, Julen bera ziklista aparta izanda!




Mikel Ibargoien (Urnieta, 1989)

Epaimahaiaren Sari Berezia

Sariduna: Mikel Ibargoien.
Saritutako lana: Emakume kirolarien inguruko saila, 2014ko abuztutik 2015eko maiatzera, GAUR 8 hedabiderako egindako lanagatik.
Saria: diploma eta Xabier Lakaren serigrafia.

2011n zehar bekadun lanak burutu zituen ETBn, eta 2014ra bitartean, ETBn bertan, kirol kazetaritza arloko hainbat lanetan aritu zen: erreportajeetan nahiz zuzeneko emankizunetan esatari, Gaur Egun eta Teleberri saioetan kirol erredaktore, etab. 2014tik eta gaur arte, Infozazpi irratiko kolaboratzaile aritzen da Kirol Leihoa saioan, eta Gaur 8 hedabidean, emakume kirolarien gaineko elkarrizketak, artikuluak eta erreportajeak idazten ditu.




Iñigo Astiz (IRUÑEA, 1985)

Epaimahaiaren Sari Berezia

Sariduna: Iñigo Astiz.
Saritutako lana: Kantuan diren lekuak izeneko erreportajeak, 2014ko abuztuan BERRIA hedabiderako egindakoak.Saria: diploma eta Xabier Lakaren serigrafia.

Berriako kazetaria, kultura sailean aritzen da nagusiki. Beste hainbat hedabidetan aritu da lanean edo kolaboratzen: Euskadi Irratia, Argia, Euskalerria irratia, Esan Erran irratia, Nabarra, Jakin... EHUn egin zituen kazetaritza ikasketak eta bertako ikaskide eta irakasle batzuekin batera sortu zuen “Gu gara euskal prentsa: hautu baten kronika 1976-2006” DVDa. “Baita hondakinak ere” poema liburua kaleratu zuen 1012an (Susa) eta Sylvia Plath poetaren “Ariel eta poema batzuk” liburua ere itzuli du (Denonartean).

Ikusita aurten aurkeztutako lanen kalitatea, epaimahaiak erabaki du bi sari berezi ematea, bata Kazetari Berria atalean eta bestea sari nagusian:

Sari nagusiaren atalean, berriz, Iñigo Astizek BERRIAn idatzitako Kantuan diren lekuak izeneko erreportajeak merezi du, epaimahaiaren ustez, beste sari berezia, kultur kazetaritzari sormena eransten baitio bere lanean, eta informazio esparrutik esparru literariora egiten baitu jauzi. Literaturatik gertu dagoenarren, hizkera oso arina da, guztiz bisuala, umore ukitukoa askotan. Iñigok lekuan bertan kokatzen gaitu, lekutik hasten da deskribapena eta bidaia musikalean zein pertsonalean murgiltzen gaitu. Hainbat jenderekin egonik kantuei buruzko lekukotasunak bilduz eta zenbait abestiren gaurkotasuna adierazten du, zeren eta, oraindik ere, ezagunak eta kantatuak baitira, belaunaldiz belaunaldi egindako transmisioari esker. Horren adierazle, besteak beste, Martin Larralde, Joseba Sarrionandiak idatzitako hitzak, Ruper Ordorikak musikatuak, Hazparneko herrian XIX. mendean gertatu istorio tragiko bati buruzko bertsoak oinarritzat harturik.



Samara Velte (Zarautz, 1991)

Kazetari berria saria

Sariduna: Samara Velte.
Saritutako lana: 2014ko irailean BERRIA egunkarian Eskoziako erreferendumari buruz argitaratutako artikulu sorta..
Saria: 3.000 euro, diploma eta Xabier Laka eskultorearen oroitikurra.

2010eko udan bekadun sartu, eta 2011tik dihardu Berria egunkarian: lehenbizi Gipuzkoako Hitzan, eta 2012tik 'Mundua' sailean. Ordutik zenbait nazio gutxiren burujabetza prozesuak jarraitu ditu; besteak beste, bertatik bertara eman du Kalatuniako, Eskoziako, Palestinako eta Kurdistango auzien berri.

Forma aldetik ederki dago idatzita Eskoziaren independentzia erreferendumaren gaiari buruzko monografiko eta artikulu sorta, horretarako, hainbat kazetaritza genero ezin hobeki jorratuta. Testuingurua bikain marraztuta, gaian sakontzea lortu du Samarak: ikuspegi historikoa erantsi dio, datuen analisi ona egin, hainbat iturritatik edan eta iritzi kritikoak ere jarri ditu begi aurrean, hau da, giltzak ematen ditu irakurlea errealitate hori interpretatzeko gai izan dadin, alde batera edo bestera lerrarazi barik.

Bere 24 urteekin kazetari osoaren irudia transmititu digu, datuak, elkarrizketak, eta iritziak plazaratzeaz gain analisirako eta hausnarketarako tartea ere hartuz. Era berean, epaimahai honek aipamen berezia egin nahi lioke hedabideak horrelako kazetari gazte bati eskaini dion konfiantzari.


Epaimahaia

Epaimahaiburua

Estibalitz Mujika Tolaretxipi

(Andoain, 1979)

Piano irakasle titulua eta Lehen Hezkuntzan diplomatua. Hainbat urtetan piano irakasle jardun ostean, Lehen Hezkuntzako ikasketak egin zituen. Era berean Musikoterapiako graduondoko ikasketak burutzen dihardu gaur egun. Kulturgintza eta euskalgintza alorrei lotua egon da bereziki urteotan guztiotan, besteak beste Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Axeri dantza, Katramila antzerki taldea....2015eko urtarriletik Andoaingo udaleko Kultura eta Hezkuntza eta Euskara sailetako arduradun politiko gisa dihardu.

Mahaikidea

Allande Boutin Mandagaran

(Vernon, Normandia, 1958)

Zuzenbide publikoan lizentziaduna zientzi politiko estudioak egin ondoren. Parisen hazi eta hezia, Le Point eta Le Monde berri paperetan lehen urratsak eginda, Pariseko TVE-n ere lanean aritua, 1988-ko azaroan, Baionako ETB-ko korrespontsalia ideki aitzin. 1992-ko azaroaz geroztik Iparraldeko France 3 Euskal Herri telebista publikoan kazetaria eta Akitaniako Txirrita euskarazko emankizunaren arduradun eta aurkezlea.

Mahaikidea

Idurre Eskisabel Larrañaga

(Beasain, 1970)

Kazetaritzan eta Antropologian lizentziaduna. Urte askoan euskal prentsan aritua, lehendabizi ‘Egunkaria’-n eta hura indarrez itxi ondoren ‘Berria’-n. Beste hedabide batzuetan ere aritu da kolaboratzaile, hala nola, tokiko aldizkarietan edo Euskadi, Euskalerria zein Info7 irratietan. Orain, zutabea idazten du egunero ‘Berria’-n eta irakasle da EHUko Gizarte eta Informazio Zientzien Fakultatean.

Mahaikidea

Goio Arana Arrieta

(Arrasate, 1962)

Kazetaritzan lizentziaduna. Urteetan lan egin eta gero euskarazko tokiko hedabideetan, prentsa-diseinuan eta diseinu grafikoan, egun, eskolak ematen ditu Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioa graduan. Gainera, Komunikazio arduraduna da unibertsitate horretako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean.

Mahaikidea

Marijo Deogracias Horrillo

(Antzuola, 1973)

Kazetaritzan lizentziaduna. Multimedia mas- terra eta Gizarte Komunikazioa masterra. Tokiko hedabideetan hasu zuen kazetari ibilbidea, prentsa idatzian, irratian eta telebistan. Prentsa bulego lanetan ibilia, Eusko Legebiltzarrean. EHUko unibertsitatean ari da gaur egun NOR ikerketa taldean tesia egiten.

Epaimahaiaren idazkaria

Arantza Aguado Perugorria

(Altza, 1966)

Geografian eta Kultur Antropologian lizentziaduna. 1992tik 2001 bitartean Gipuzkoako Abegi euskaltegietan euskara irakasle eta kudeatzaile. 2002tik aurrera administrari laguntzaile lanetan ibilia Andoaingo Udaleko hainbat lansailetan. 2011n Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuko hizkuntza normalizatzaile eta 2013ko otsailetik euskara teknikari udal horretan bertan.

Multimedia

Bideoa

Argazkiak

Andoaingo Udala
Euskararen Normalizaziorako Saila
Goikoplaza, z/g. 20140 Andoain
943-300-831    ·    euskarazerbitzua@andoain.eus

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailaren laguntzarekin

Diseinua eta ekoizpena: