XXV RIKARDO ARREGI KAZETARITZA SARIA

2013urtea

Oinarriak

Euskararen normalizazioak ezinbestez behar ditu euskaraz egindako kazetaritza eta komunikazio prestu eta modernoa, kalitatekoa eta garaian garaiko beharrizanetara egokitua. Helburu horren alde, Andoaingo Udalak XXV. Rikardo Arregi Kazetaritza sarirako deialdia egiten du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntzaz, ondoko hauek direlarik aipatu sari horren oinarriak:

Oinarriak ikusi

Oinarriak deskargatu

XXIX Rikardo Arregi Kazetaritza Saria

XXV Rikardo Arregi Kazetaritza Saria

Euskararen normalizazioak ezinbestez behar ditu euskaraz egindako ko.zetaritza eta komunikazio prestu eta modernoa, kalitatekoa eta garaian garaiko beharrizanetara egokitua. Helburu horren alde, Andoaingo Udalak XXV Rikardo Arregi Kazetaritza sarirako deialdia egiten du, Eusko jaurlaritzako Kultura Sailaren dirulaguntzaz, ondoko hauek direlarik aipatu sari horren oinarriak:

1) Sariaren xedea

Euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea da Rikardo Arregi Kazetaritza sariaren helburua. Horrela, bada, ondoren zehazten den urtebeteko epearen barruan egin izan diren kazetaritza-lanen kalitatea eta bikaintasuna jendaurrean aitortzea eta saritzea da sari honen xedea, epaimahaiak eredugarrien iritzitako lanak sarituz.

2) Sari-atalak

Ondoko hiru atalotan banatzen da saria:
• XXV. Rikardo Arregi Kazetaritza saria. 
• Kazetari Berria saria. 
• Epaimahaiaren Sari Berezia.
Aipaturiko hiru sari horiez gain, egoki edo beharrezko iritziz gero, Aipamen Berezia egiteko aukera eskura du epaimahaiak. Halaber, euskal kazetaritzaren historian ezinbesteko erreferentzia izan diren erakunde, ekimen eta pertsonei Ohorezko Aipamena egiteko aukera ere aitortzen zaio epaimahaiari.

3) Sari-atalen ezaugarriak

3.1.-"XXV. Rikardo Arregi Kazetaritza saria" izeneko atala.
2012ko maiatzaren 7tik 2013ko maiatzaren 6ra bitartean egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu izan diren lanek, hala nola aipatu epe eta komunikabide horietan kazetaritza-lanak plazaratu dituztenek daukate saria eskuratzeko aukera. 

Edozein mota edo generotako kazetaritza-lanek dute saria eskuratzeko aukera. Epaimahaiak, hortaz, inolako genero-mugarik gabe erabakiko du saria. Saria erabakitzeko irizpide nagusiak honako hauek izango dira: kalitatea, berrikuntza eta eredugarritasuna, eredugarritasuna hala euskal kazetaritzarako nola inguruan egiten denerako. Ondorioz, aipatutako irizpideen arabera nabarmendutako artikulu edo erreportaje bakanak nahiz sortak, sekzio bat, irrati edo telebistako erreportaje bat edo erreportaje-sorta bat edo programa bat, kazetari bat, kazetari talde bat... horietarik edozer eta/ edo edozein saritu ahal izango du epaimahaiak.

3.2.-"Kazetari Berria saria" izeneko atala. Kazetaritzaren hastapenetan dabiltzanei zuzendutako saria da hau, eta, ondorioz, hogeita zazpi urtez azpikoek, hau da, 2013an, hogeita zazpi urte edo gutxiago izango dituztenek parte har dezakete atal honetan. Herrietako aldizkari eta irrati eta telebistak, hala nola hedadura zabalagoko komunikabideak: horietatik guztietatik edozein izan daiteke 27 urtez azpikoek Kazetari Berria saria jasotzeko lana plazaratzeko erabilitako komunikabidea. Edozein mota edo generotako kazetaritza-lanek dute saria eskuratzeko aukera. Horrela, bada, 2012ko maiatzaren 7tik 2013ko maiatzaren 6ra bitartean prentsa idatzian edo irrati eta telebistetan plazaratutako artikulu, erreportaje, informazio-programa, magazin eta abarren artean kalitatea eta egokitasuna kontuan hartuz epaimahaiaren iritzian bikainena denari emango zaio saria. 

3.3.-"Epaimahaiaren Sari Berezia" izeneko atala. 2012ko maiatzaren 7tik 2013ko maiatzaren6ra bitartean egunkari eta aldizkarietan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu izan diren lanek, hala nola aipatu epe eta komunikabide horietan kazetaritza-lanak plazaratu dituztenek daukate saria eskuratzeko aukera. Beraz, Sari Nagusirako hautagaien artetik, epaimahaiaren iritziz bereziki saritu nahi duen irizpide jakin bati jarraituz emango da sari hau. Edizio bakoitzean osatzen den epaimahaiak aukeratuko du zein irizpide nabarmendu nahi duen. Epaimahaiaren Azken Erabakian argituko du Epaimahaiak zein irizpideren arabera eman duen Epaimahaiaren Sari Berezia.





4) Lanak aurkeztea

4.1.-"XXV. Rikardo Arregi Kazetaritza saria" izeneko atalean autoreek nahiz komunikabideek hala nola sariaren helburuekin zerikustekorik duen edozeinek aurkez ditzakete lanak, beti ere 2013ko maiatzaren 13 baino lehen aurrerago adierazten den helbidera lanaren sei kopia bidaliz. Gainera, prentsa idatzian argitaratutako idazlanen kasuan, argi tal penaren kopia bat bidali beharko da, eta, irrati edo telebistako emanaldien kasuan, berriz, dagokion enpresak luzatutako emisio-ziurtagiria. Edozein modutara ere, nahikoa litzateke aipatutako argitalpenaren kopia edo emisio-ziurtagiriaren ordez lana aurkezten duenaren beraren zinpeko aitorpena igortzea, argitalpen edo emisio eguna eta komunikabidea adieraziz. Beste horrenbeste esan liteke agerkari digital ez ere.

Aditzera ematen da, nolanahi ere, saria eskuratzeko ez dela ezinbestekoa izango inork aldez aurretik lanak eta/ edo proposamenak aurkeztea. Izan ere, epaimahaiak egokien irizten duen moduan egingo ditu sari hori erabakitzeko egin beharreko jarraipen eta hautaketa lanak. Hala eta guztiz ere, lanak eta/ edo proposamenak aurkez ditzaten dei egiten zaie autore, komunikabide eta sariaren helburuekin zerikustekorik dutenei.

4.2.-"Kazetari Berria saria" izeneko atalean saria eskuratzeko nahitaezkoa da lanak aurkeztea. Izan ere, atal honetako saria aurkeztutakoen artean erabakiko baitu epaimahaiak. Kasu honetan ere autoreek nahiz komunikabideek hala nola sariaren helburuekin zerikustekorik duen edozeinek aurkez ditzakete lanak,2013ko maiatzaren 13a baino lehen gero aipatzen den helbidera lanaren sei kopia bidaliz.

4.3.-"Epaimahaiaren sari berezia" eskuratzeko ez da ezinbestekoa izango lanak aurkeztea. Aurkezteko modua, ordea, Sari Nagusirako emandako irizpideen arabera egingo da. 

4.4.-Hona sarira aurkeztutako lanak bidaltzeko helbidea: Andoaingo Udala 
XXV. Rikardo Arregi Kazetaritza Saria Goikoplaza, z/g 20140 ANDOAIN.



5) Sariak

"XXV. Rikardo Arregi Kazetaritza saria" eskuratzen duenari 9.000 euro garbi emango zaizkio. •
"Kazetari Berria saria'' eskuratzen duenari 3.000 euro garbi emango zaizkio. •
"Epaimahaiaren sari berezia'' eskuratzen duenari 4.000 euro emango zaizkio.
 Gainera, lehen bi sari-ataletako saridunei Rikardo Arregi Kazetaritza sariaren kaxa oroigarria emango zaie.

 Sariak zatiezinak dira, baina, hori bai, taldean edo elkarlanean egindako lanei ere eman dakieke saria.

Sarietako edozein hutsik utzi ahal izango du Epaimahaiak.

6) Epaimahaia

Ondorengo hauek osatzen dute epaimahaia:
• Mahaiburua: Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzia, Ainara Rodriguez Zalakain, edo honek bere ordezko gisa izendatutako udalkidea.
• Mahaikideak: Allande Boutin, Idurre Eskisabel, Joxe Rojas eta Beatriz Zabalondo.
• Idazkaria: Andoaingo Udaleko euskara teknikaria, Arantza Aguado, hizpidez baina hautespiderik gabe jardungo duena.

7) Sariei buruzko Azken Erabakia

2013ko udan emango da aditzera sariei buruz epaimahaiak hartutako Azken Erabakia, apelaezina izango dena.

8) Baldintzak onartzea

Sari honetara aurkezteak oinarriak ontzat ematea dakar berarekin, eta saria jasotzeko nahitaezkoa izango da oinarria tan finkatutako betebeharrak osorik betetzea.

Sariak

Epaimahaiaren Sari Berezia

Ainara Argoitia

+

Ohorezko aipamena

Euskalerria Irratia

+

Ohorezko aipamena

Berria Kazeta

+

Berria egunkariko kirol saila eta Interneteko edizioko arduradunak

Sari nagusia

Sariduna: Berria egunkariko kirol saila eta Interneteko edizioko arduradunak.Lara Madinabeitia, Gorka Erostarbe, Allande Arnaiz, Julen Etxeberria, Andoni Urbistondo, Unai Zubeldia, Edurne Elizondo, Enekoitz Telleria eta Imanol Magro.
Saritutako lana: 2012ko Olinpiar Jokoei egindako jarraipena.
Saria: 9.000 euro, diploma eta Xabier Laka eskultorearen oroi-ikurra.

Joko Olinpiarretako proben emaitzak argitaratzetik harago joan dira kazetariok, kirol sailetako orrietan ikustera ohituta gauden berriak baino askoz gehiago eskainiz: eguneko jarduerei zegokien testuinguru soziala eta ikuspegi zabala eman baitute: gizarte- plataformak, zenbait kirolariren herrialdeko egoera, etab. Alde horretatik, kazetarion eta hedabidearen ausardia eta ikuspuntu berritzailea saritu nahi dira.

Alderik nabarmenena errealitate ezkutuak azalera ekartzeko saioan egon da. Batetik, Euskal Herrian ardaztuta landu dira Olinpiar Jokoak, informazioa lortzeko eta lantzeko horrek dauzkan zailtasunekin. Esaterako, Hego zein Ipar Euskal Herriko kirolarien jarraipen orekatua egin da. Bestetik, normalean hain ezkutuan geratzen diren emakume kirolariak, eta, oro har, emakumezkoen kirola, guztion begibistara jartzeko ahalegina egin dute, azken finean, kirolaren ikuspegi askoz ere zabalago eta osoagoa eskainiz. Ildo beretik, kirol nagusiez gain ohikoetan itzalean geratzen diren beste kirol jarduera batzuen berri eman dute, eskertzeko ahalegina hori ere.

Formari erreparatuta, papereko produktuak eskaini dituen idazkera eta diseinu zaindua ere saritzekoak dira. Gainera, Olinpiar Jokoek iraun zuten bitartean jarraipen berezia egin zuten sarean hartarako egokitutako diseinu eta tresnekin, eta Londresen gertatzen ari zena etengabe kontsultatzeko modua eskaini zuten. Ikus-entzunezko euskarrietan isla izanzezan ere egin zuten ahalegina eguneroko zuzenekoaren bidez, eta hori ere kontuan hartu da.

Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien 25. urtemuga honetan, kirol saileko lanaren merituen ezagutzea, iragan den mende laurdenean euskal kazetaritzak ezaguturiko eboluzioaren adierazgarri da. Hots, arazo guzien gainetik, aurrera egin duela, indarrez eta talentuz eremu guztiak jabetuz. Heldutasunaren seinale.



Alex Gurrutxaga (Zarautz, 1988)

Kazetari berria

Sariduna: Alex Gurrutxaga.
Saritutako lana: 2012ko urritik 2013ko apirilera bitartean Berrian argitaraturiko literatur kritikak.
Saria: 3.000 euro, diploma eta Xabier Laka eskultorearen oroi-ikurra.

Urte osoko lan sorta sendoa eta anitza aurkeztu die epaimahaikideei, ondo idatzia:argi eta zehatz. Egiazko testu analisiak eginez, idazleen obrak ezagutzen dituela frogatu du. Bistan da jakintza handia duela, baina ez dio irakurleari jaulkitzen, errespetua erakusten du kritikagaiarekiko zein irakurlearekiko. Testuinguruak, aipuak, konparazioak oso ondo azaltzen ditu, bere burua irakurlearen gainetik jarri gabe.

Nobelagile zein olerkarienganako erakusten duen enpatia azpimarratzekoa da. Letra ederrak eta idazleak zinez gustukoak dituela sentiarazten dio irakurleari. Gainera, literatur genero oro aztertzen du, jatorrizkoa nahiz itzulpena izan.

Azkenez, bere kritikak zinez arrazoitzen ditu. Iritzi mailan dabilela argi uzten du beti: merituak nahiz demerituak jartzen ditu mahai gainean, beti ere argi utzirik esaten duena ez dela egia borobil eta bakarra.



Lander Arbelaitz (Donostia, 1985)

Aipamen berezia

Saridunak: Lander Arbelaitz.
Saritutako lana Donostiako AskeGunearen inguruan egindako lana eta erakutsitako jarreragatik.

Informatzeko eginkizunarekin konpromiso sendoa erakutsi du, bere burua arriskuan jartzeraino.

2013ko apirilean Donostiako AskeGunetik kazetari gazte honek euskal gizarteari informazioa helarazteko egindako lan zehatz eta zuzena goraipatu nahi du Epaimahaiak: bertatik bertara kontatuta, minutuz minutuko jarraipena eginda, eta hainbat euskarri baliatuz iritsi baitzen irakurle eta ikus-entzuleengana; eta informazioa bildu eta zabaltzeko abagune estu-latzetan egin ere.

Agintari, instituzio eta era guztietako eragileen prentsa bulegoen informazio uholdearen menpe kazetarien jarduna hain otzanduta ageri den garai hauetan, erredakzioetako epelean goxo, informazioa bere lekukotasunetik, ikuspegi propioarekin -kritiko eta zorrotz- lantzeko ahalegi nari eutsi dio, agintarien kontrol-saioari aurre eginez. Eta lanbideak behinola izan zuen egiteko ohoragarria inoiz baino beharrezkoagoa dela gogorarazi digu.





Ainara Argoitia

Epaimahaiaren Sari Berezia

Sariduna: Ainara Argoitia.
Saritutako lana: Barren aldizkarian argitaratutako “Txillarre”, “Otegi”, “36ko gerra elgoibartarren ahotan”, eta “Asisko Urmeneta” lanengatik.
Saria: 4.000 euro eta diploma.

Euskal Hedabideen Esparruan, tokiko hedabideek bete duten eta oraindik betetzen duten funtzioaren eredu ezin hobea dira kazetari honek BARREN aldizkarian argitaratutako lanak: erakusten digute profesional bikainak daudela eta lan eder askoak ekoizten dituztela, nahiz eta, beharbada, oihartzun apala izan.

Lan hauek Debabarreneko ikuspegitik idatziak izan d ira, eta bertako irakurleei zuzenduak, baina eskualdeko eremutik harago doazen gaiak nahiz lanketa eta dokumentazio zorrotza oparitu dizkigu, batez ere, “ Txillarre” eta “36ko gerra elgoibartarren ahotan” piezetan.

Elgoibarko belaunaldien arteko transmisioan egindako ekarpena ezin da aipatu gabe utzi; izan ere, herriko eta eskualdeko nagusiek 36ko gerra nola bizi izan zuten eskueran jarri die belaunaldi gazteei, zaharren ahotik egindako kontakizunarekin.

Euskal Herrian bizi dugun memoriaren berreskuratze eta bakeranzko garaiotan, gogoangarria da halaber bere ahalegina, gai korapil atsuok lantzeko hartu duen tonu serio eta estridentziarik gabekoagatik; beti ere azpimarratuz gertaera historikoen atzean pertsonak daudela. Haiei jasotako testigantzei dagokien neurria emanez, gertaerei lotu eta bestelako liskar biderik gehitu gabe jardun du.

Azkenik, kazetariaren idazkeraren dotorezia eta adi erazkortasuna ere azpimarragarriak direla iritzi dio Epaimahaiak.


Euskalerria Irratia

Ohorezko aipamena

Saridunak: Euskalerria Irratia, 25 urte betetzen baititu udazkenean.

Euskalerria Irratiak mende laurdenez dihardu Iruñerriko uhinak euskaraz hornitzen. Jakin badakigu zeinen baldintza gogorretan egin duten aurrera lankideok, eta oztopo eta eragozpen guztiei aurre eginik irrati duin eta eredugarria eskaini dute sortu zenetik. Programazio zabala ez ezik, kalitate handikoa eskaintzen du, tokiko irratia eta hurbila izanagatik, ikuspegi zabalekoa, bertan goxo egotetik urruti dabilena, bizia, askotarikoa eta ausarta. Gainera, garaian garaiko euskarrietara egokitzeko ahalegina egin dute: uhinetan ez ezik, Internet bidez ere hedatzen dute beren ekoizpena, eta horri esker Nafarroatik kanpoko euskaldun askok jarraitzen dute/dugu Iruñerriko gertakarien berri.


Epaimahai honen iritziz, Euskalerria Irratiko 25 urteko ahalegina aipagarria izateaz gain, euskal hedabideen sisteman egin duen ekarpena ere goraipatzekoa da guztiz.

Berria Kazeta

Ohorezko aipamena

Saridunak: Berria kazeta, 10 urte bete berri dituena.

Egunkaria proiektutik jaiotako Berria egitasmoak ere, 10 urte bete berri ditu aurreko astean. Sariaren XV. edizioan Euskaldunon Egunkariak ohorezko aipamena jaso zuen, historian zehar euskara hutsean kaleratu ziren egunkariekin batera, eta Egunerorekin batera, eta oraingoan Epaimahaiak ohorezko aipamen hori bera Berria kazetari egitea erabaki du. Aipamen honen arrazoi nagusiak honako hauek izan dira: batetik, egunez egun euskararen normalizazioan egiten duen ahalegin sendoa, euskaldunon babes eta onarpenarekin. Eta, bestetik, euskal kazetaritzaren erreferenteak saritzea bada kontua, ezin erreferenteagorik aurkitu, Epaimahai honen ustetan.

 

Epaimahaia

Epaimahaiburua

Ainara Rodriguez Zalakain

(Andoain, 1985)

Kazetaritzan lizentziaduna. Herri mugimenduko erakunde ezberdinetan komunikazio lanetan jardun ostean, 2008. urtean berria egunkarian bekadun aritua. 2010. urtean Gara egunkarian kazetari lanetan jardun ondoren, udalgintzarako jauzia eginda. 2011. urtetik hona, Andoaingo Udaleko Euskararen Normalkuntzarako Lansaileko arduradun politikoa, baita Langileria, Antolakuntza eta Barne Eraentza eta Kirol Patronatukoa ere.

Mahaikidea

Allande Boutin Mandagaran

(Vernon, Normandia, 1958)

Zuzenbide publikoan lizentziaduna zientzi politiko estudioak egin ondoren. Parisen hazi eta hezia, Le Point eta Le Monde berri paperetan lehen urratsak eginda, Pariseko TVE-n ere lanean aritua, 1988-ko azaroan, Baionako ETB-ko korrespontsalia ideki aitzin. 1992-ko azaroaz geroztik Iparraldeko France 3 Euskal Herri telebista publikoan kazetaria eta Akitaniako Txirrita euskarazko emankizunaren arduradun eta aurkezlea.

Mahaikidea

Idurre Eskisabel Larrañaga

(Beasain, 1970)

Kazetaritzan eta Antropologian lizentziaduna. Urte askoan euskal prentsan aritua, lehendabizi ‘Egunkaria’-n eta hura indarrez itxi ondoren ‘Berria’-n. Beste hedabide batzuetan ere aritu da kolaboratzaile, hala nola, tokiko aldizkarietan edo Euskadi, Euskalerria zein Info7 irratietan. Orain, zutabea idazten du egunero ‘Berria’-n eta irakasle da EHUko Gizarte eta Informazio Zientzien Fakultatean.

Mahaikidea

Joxe Rojas Granja

(Barakaldo, 1971)

Gizarte eta Informazio Zientzietan lizentziaduna, TOKIKOM toki komunikabideen bateraguneko IKT eta Komunikazio Zuzendaria da 2012tik. Aurrez Euskaltzaleen Topagunearen komunikazio teknikaria eta hedabide saileko arduraduna izan zen. Kazetari, euskara irakasle eta itzultzaile lanetan ere aritutakoa da, eta kolaborazioak egiten ditu hainbat komunikabidetan (Euskadi Irratia, Aizu!, Sarean.eus), batez ere teknologia gaiekin lotuta.

Mahaikidea

Beatriz Zabalondo Loidi

(Elgeta, 1961)

Ingeniaritza Teknikoa eta Kazetariza ikasia da, eta itzulpengintzan eta hizkuntzari lotutako jardunetan aritu da batez ere: ETBn gidoiak itzultzen, egokitzen eta zuzentzen, eta telesail batzuen hizkuntz arduradun; Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIAn euskara taldeko kide izana da, eta bi egunkari horien estilo liburuak idazten parte hartu zuen. EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko lehendakari izana da, eta irakasle ere jardun du, Mondragon Unibertsitatean eta EHU Euskal Herriko Unibertsitatean. 2011z geroztik da BERRIA Taldeko administrazio kontseiluko kide.

Epaimahaiaren idazkaria

Arantza Aguado Perugorria

(Altza, 1966)

Geografian eta Kultur Antropologian lizentziaduna. 1992tik 2001 bitartean Gipuzkoako Abegi euskaltegietan euskara irakasle eta kudeatzaile. 2002tik aurrera administrari laguntzaile lanetan ibilia Andoaingo Udaleko hainbat lansailetan. 2011n Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuko hizkuntza normalizatzaile eta 2013ko otsailetik euskara teknikari udal horretan bertan.

Multimedia

Bideoa

Argazkiak

Andoaingo Udala
Euskararen Normalizaziorako Saila
Goikoplaza, z/g. 20140 Andoain
943-300-831    ·    euskarazerbitzua@andoain.eus

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailaren laguntzarekin

Diseinua eta ekoizpena: